XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

El Canto del Cisne Ryder-en

Cafe-Teatro motako edaritegiak ugari zabaldu dira azken aldian Eibarren.

Kasu gehienetan titulu horrek ordutegia luzatzeko baino ez du balio.

Badira salbuespenak, dena den.

Emankor Antzerki Taldeak Anton Chejoven El Canto del Cisne obra antzeztu du oraintsu Ryder-en.

Aukeratutako obra zaila eta sakona zen beharbada ostegun gauean Bilboko Etorbidean elkartutako ikuslegoarentzat, neurri handi batean teatroa inoiz ikusi gabeko jendeak osatzen zuen ikuslegoarentzat.

Obra bere osotasunean barneratzeko zailtasuna alde batera utzirik, ikusmin eta txundidura handiz jarraitu zuten ikusleek anzerkia.

Eskena antolaketa sinplea izanagatik efektiboa zen, eta soinu bereziek girotze lana ederto biribiltzen zuten.

Obraren laburtasunak eta antzezle bakarraren dinamikotasunak irensten erraza egin zuen, hasiera batean astuna espero zitekeen bakarrizketa.

Deklamazio tonu altuak eta erropa ezerosoek ez zuten asko lagundu antzezlearen lana, baina pertsonaia sinesgarria tajutzea lortu zuen Txirri Gorosabelek.

Gustora hartzen dira horrelako ekimenak eta txalogarriak dira.

Are gehiago, antzerkia horren urruti geratzen zaigun Unibertsitate Laboraleko aretotik herri barrura ekarri eta ikuslego berri bat zabaltzen zaionean.

Oier Araolaza